2009-10-07

biodigestorea, izozki saltzailea eta genero trebakuntza

Goizeko zortzitan geratuak gaude Asaunixilen egunpasa egiteko komunidadeetan: lehen geltokia Xepium, bertako biodigestorea martxan jartzera. Ondoren Vijolom eta Vicalamara, Antiguatik ekarritako ardiak eramatera. Eguna bukatzeko, Quejchipen genero proiektuko trebakuntza bixitatzea.

Ordu pasata behar izan dugu Xepium-era heltzeko, gure "trastotzarrean", saltoka-saltoka. Han Juan zai geneukan, komunidade hortako promotoreetako bat, etxetik 5 metrotara biodigestorea instalatua daukana. Tipo jatorra bera. Langilea, irekia eta beti irrifarra aurpegian; erderaz komunikatzeko zailtasunak izan arren, berekin hasieratik harreman ona eduki dugunaren sentsazioa daukagu. Duela hilabete batzuk eraiki zuen etxe atarian biodigestorea, eta badira aste batzuk jada gas nahiko baduela...

Baina, ze arraio ote da biodigestore bat? Guk Guatemalako abentura prestatzen hasi aurretik ez geneukan ideirik ere zer nolako tramankuluak ziren asuntu hoiek; Mugen Gainetikoen ofizinetan entzun genuen lehen aldiz izen hau, eta ordutik flipatzen ari gera. Hitz bitan: biodigestorea plastikoz tubularrez egindako ontzi handi bat da (4 metro luze, metro bateko diametroarekin), sarrera eta irteera bana dauzkana. Sarreratik animali-gorotza sartzen da urarekin nahastuta edukiontzira (4 kantin ur, gorotz kantin bakoitzeko), eta 30-40 pasa ondoren, edukiontzian biogasa sortzen da; soberakin likidoak zelairako ongarri bezala erabili daitezkeelarik. Gas hau sukaldatzeko gas bezala erabili ohi da, baita bonbila berezi batzuei esker, argia emateko ere. Adituek diotenez, bi behi (ahuntz edo txerri) dauzkan famili bat soberania energetikoa lortzera irits daiteke. Ez da broma, eh? Behi pariarekin energetikoki autonomoa izatea, eta naturgas, repsol-gasen edo beste energi multinazionalen beharrik ez izatea...

Halere, hemen abantailak beste norabide batean doaz: etxe barruko energi kontsumorako beharrezkoa duten egur bilketaren ardura haur eta emakumeengan jausten da, astean zehar ordu xorta koxkorra ekintza horretara bideratzen dutelarik. Zenbait kasutan, haurren eskolaritate gabezia "justifikatzeraino".

Beraz, gaur goizeko erronka ez zen nolanahikoa: azkeneko bostpasei asteetan biogasa sortzen zebilen biodigestorea sukaldearekin konektatzea. Arazorik gabe eraman dute Mec eta Tec-ek biodigestoreko gasa sukalderaino, baino egun borobilak bakarrik telebistako publizitate saiotan existitzen direla gogoratuz, gas-emaria sukaldearekin konektatzeko orduan "arazo teknikoak" eduki ditugu, eta biogas-hodia "umezurtz" geratu da sukaldeko lurrean... Hurrengo batean bukatu beharko gaur hasitakoa!!! Halere, lana ongi eginaren antzera, Xepium atzean utzi aurretik Juanek haragi salda eder bat eskeini digu, tamalez lagunduta. Ea hurrengoan biogasaz sukaldaturiko hamaiketakoa dastatzen dugun...

Handik Vicalamara igo gera, aurretik hartu ditugun ardiak uztera. Vicalamara bidean paisai zoragarriz babesturiko txoko batet zeharkatu, Belagua edo Urbiako baster magikoak gogora ekarri dizkiguna. Hau ondoren Vicalaman aurkituko genuenaren aurrekari bat izan da; lehen aldia izan da komunidade hontara iritsi garela, eta benetan mundutik at zaudenaren sentsasio harrigarria bizi dezakezu hemen. Bertigoa ematen duen sentsazio horietako bat, plazerra sortarazten duen bizipenetako bat. Ardiak bertan utzi, Asaunixilek zabalduriko hamargarren farmazia bixitatu, bertako haurrak izozki satzailearen bixitaren ondorioez disfrutatzen ikusi eta Quejchip aldera abiatu gera.

Eguneko azken geltokian genero proiektuko saio bat bixitatu nahi genuen. Oso polita izan da klase hau ikustea: emakume talde ederra bildu ohi da bertan, partehartzailea, adin guztitakoa eta beraien egoera soziala hobetzeko grinarekin. Badirudi, zenbat eta Nebajetik edo herrigunetik gehiago urrundu, orduan eta emakume aktibo, partehartzaile eta sendoagoak topatzen ditugula. Oraindik azkarregi da balorazioak egiteko, baina inpresioak hor daude. Gainera, Elenak oso ongi darama taldea, guk uste genuena baino presentzi eta gogo handiagorekin ikusten zaio komunidadeetan klaseak ematen. Aupa zuek!!!

Horrela joan zaigu komunidadeetara eginiko hamaikagarren (10+1) irteera. Orain etxean bueltan gaude. Txe-txe iñak. Hustuta. Gustura.















No hay comentarios:

Publicar un comentario