2009-10-18

erritmoak (edo bide lainotuak)

Aurreko astean Vicalama komunitatea bixitatu genuenean esan ziguten goiz hortan bertan hiru urtetako haurra hil egin zela. Ezer gutxi gehiago jakin izan genuen hartaz...

Aste honetan egunkari estatal batek zekarren berria: beherakoak (diarreak) Hiesak, malariak eta saranpioiak elkarrekin baino haur gehiago hiltzen ditu munduan (+). Harrigarria bezain latzgarria "berria". Asko izan daitezke hain hilkortasun tasa altuaren zergatiak, besteak beste, jakintza eza, osasun zentruetara iristeko zailtasunak edo "ur edangarriaren" kalitatea.

Boteprontoan erreza eta berehalakoa dirudi elikadura segurtasuna munduko herri guztietan bermatzea, baina denbora lekuko, gai mamitsua da bera. 60 urte pasa dira Giza Eskubideak "sortu" eta sinatu zirela, baita hauek lortzeko konpromisua ere. Helburutik hurrun, Osasunaren Mundu Erakundearen (OMS) arabera, egunean 25.000 pertsona (haurrak gehienak) hiltzen dira elikadura faltaren ondorioetatik.

Boteprontoan jarraituz, bi inpresio: interes falta nabaria da (bai arduradunena nola gizarte orokorrarena) eta gauzak horrela, arazoa handiagotzera joko du, gero eta handiagoa baita hegoaren eta iparraren arteko amildegia. Ederki goaz ba!!!

Ni neu ere harritu egiten naiz berri hauekiko nolako sentsibilitatea azaltzen dudan testuinguru ezberdinetan, hau da, hemen Guatemalan bizi naizenean, edota Euskal Herrian. Ez dut uste zeregin ezberdinetan aritzea (kooperazioan edo diseinu munduan) izatea honen arrazoi nagusia, ezta ere, hemen arazoa han baino larriago ikusten dudalako. Udan Argentinan egon den lagun batek aitortzen zidan: "ez dakizu ze gustura irakurri dudan Galeano Andeetan zehar, eta zenbat kostatzen ari zaidan Zarautzera bueltan liburuarekin jarraitzea". Nik behintzat, sakonean erritmo kontua nabari dut, mendebaldeko gizarteko bizi-erritmoan murgilduta gaudenean oso erreza egiten zaigulako "azaleko" kontuen bueltan pasatzea eguna, astea, urtea edo bizia. (Des) Informazio gaindosiak aurrean dugun bidea lainotuko baligu bezala: bai hausnarketetarako, baita ekintzarako ere.

Akaso, zer esana eduki dezake hemen telebistarik gabe bizitzeak?

No hay comentarios:

Publicar un comentario